Automedikazioa

-an argitaratutakoa: 2014/12/12
Automedikazioa

Sarrera

Gutako zenbat sartu gara farmazia batean aurretik hartu dugun eta ondo joan zaigun botika bat erosteko asmoz? Zenbatetan jarraitu dugu botika bat edo beste hartzea gomendatzen digun senitarteko edo ezagun baten aholkua, hark hartu duelako eta ondo joan zaiolako?

Osasun profesionalok kezkatuta gaude, ikusten dugulako gero eta maizago, pertsonek euren burua medikatzeko joera agertzen dutela, gaitz edo gaixotasun desberdinak tratatzeko.

Automedikatzen diren pertsonen talde horren barruan, batzuek arduraz egiten dute, aurretik izandako gaitz arinak edo gaixotasunak errezetarik gabe eskuratu daitezkeen botikekin tratatuz (EEP), baina bereizi gabe egiten duten pertsonen ehunekoa (%28) handia da.


Definizioak

Automedikazioa

Artikulu hau ulertzen lagunduko diguten hainbat kontzeptu definituko ditugu.

Sendagaia

Organismoari elkarri eragiten dion eta metodo eraginkorrak ematen dituen konposatu kimikoa, gaixotasunak eta sintomak tratatzeko eta prebenitzeko.

Itxura farmazeutikoa

Sendagaiei itxurarik egokiena ematen zaie hartu ahal izateko, hau da, sendagaiak pilula, xarabe, kapsula, injekzio moduan aurkituko ditugu.

Aurkako efektuak

Merkaturatu baino lehen, sendagaiak baimen eta entsegu klinikoko prozesu luzeetatik igarotzen dira, euren efektuak aztertu ahal izateko, onuragarriak zein aurkakoak; hala ere, biztanleria orokorrak erabiltzen dituenean, gutxitan agertzen diren efektuak edo etengabe erabili ondoren agertzen diren efektuak aurki daitezke.

Aurkako efektuak efektu kaltegarriak eta nahita eragin ez direnak dira. Horiek agertzen dira botika bat hartzen denean ezaugarri pertsonaletara doitutako dosietan (adina, pisua, sexua, eta abar). Botika bat aurkako erreakzio bat eragiten ari delako susmoa dugunean, hura errezetatu digun medikuari edo botikariari jakinarazi behar diogu; horiek Farmakozaintzako autonomia zentroari jakinarazteko arduradunak izango dira.

Automedikazioa

Automedikazioa pertsona batek botikak erantzukizunez erabiltzeari deritzo, normalean, bai bere gaixotasunaren sintomak eta bai horri aurre egiteko botikak ezagutzen dituenean.

Nork bere buruari agintzea

Sendagaiak bereizi gabe erabiltzeari deritzo, medikuak adierazi eta agindu gabe eta botika oro, behar bezala erabiltzen ez bada, arriskutsua izan daitekeela kontuan hartu gabe.

EFP

“Especialidad Farmaceútica Publicitaria" hura banatzeko errezetarik behar ez duten botikak dira eta, horrez gain, publizitatearen eraginpean daude komunikabideetan. EFP OTC sendagaiak bezalakoak dira (over the counter), hau da, “erakusmahai sendagaiak”. Gaixotasun arinak arintzeko baimendutako sendagaiak eta prestakinak dira, adibidez:

  • Min arinak (buruko mina, hortzetako minak, muskuluetakoak, hilerokoarenak)
  • Hesteko arazoak (bihotzerrea, flatulentzia, idorreria, beherakoa)
  • Hoztutakoak, gripe egoerak
  • Azaleko gaitzakl (hazkurak, intsektuen ziztadak)
  • Eta abar

Izen komertziala

Ez baduzu osasun esparrua ondo ezagutzen eta, esate baterako, diclofenaco, piroxicam edo metamizol bezalako hitzak esaten badizkizut, uste izango duzu beste hizkuntza bat hitz egiten ari naizela, baina Voltaren, Feldene edo Nolotil esaten badizut, jakingo duzu botiken izenak aipatzen ari naizela. Lehen kasuan, izen generikoa edo printzipio aktiboa aipatu dut eta bigarrenean, berriz, euren izen komertziala esan dut.

Substantzia bat botika moduan erabiltzeko merkaturatzen bada, laborategiek izen generiko edo nazioarteko izen amankomun bat, OMEk erregistratuta, eta izen komertzial bat ematen diote. Printzipio aktibo bera hainbat laborategien bidez merkaturatu daiteke, beraz, izen komertzial edo marka desberdinak hartuko ditu. (Taula ikusi)

 
Printzipio aktiboaIzen komertzialakTalde farmakologikoa
Paracetamol
  • Gelocatil
  • Termalgin
  • Febrectal
  • Apiretal
Analgesikoa/antitermikoa
Ibuprofeno
  • Neobrufen
  • Espidifen
  • Dalsy
AINE
Amoxicilina
  • Ardine
  • Clamoxyl
  • Eupen
Antibiotikoa
Diazepan
  • Valium
  • Vincosedan
  • Stesolid
Antsiolitikoa

Botika generikoak

Printzipio aktibo bera duten botikak dira (ad.: ibuprofeno, omeprazol, diazepam, eta abar.), itxura farmazeutiko bera (adb.: pilulak, xarabeak, kapsulak, eta abar), markadun jatorrizko botikaren dosi bera eta biobaliokidetasun bera (era berberean jarduten du eta organismoan efektu berbera eragiten du). Botika generiko bat ezagutzen da botikaren izenak EFG letrak daramazkielako (especialidad farmaceútica genérica). Botika hauek markadun beste botikak bezalako segurtasuna eskaintzen digute, Osasun Ministerioak sendagai guztiak ontzat ematen dituelako eta horiek segurtasun eta eraginkortasun kontroletatik igarotzen direlako.

Markadun eta botika generikoen arteko aldea, batez ere, aurrezte ekonomikoan datza; generikoak merkeagoak dira sendagaiaren ikerekta eta garapen kostuak gutxiago direlako.


Automedikazioaren onurak

Automedikazioa

Automedikazioari esker, aurkezten zaizkigun osasuneko gaitz eta arazo txikiak konpondu edo arindu daitezke (lepo, urdaila, belarriko gaixotasun arinak, eztula, hotzeriak, zenbait min kroniko, eta abar). Horrelakoetan, automedikazioa egin daiteke, tekniken erabilera eta botika erabilgarriak eta seguruak ondo ezagutzen dituen banakako baten autonomiatik. Botika bat zergatik errezetatu zaion ondo dakien gaixo batek medikuaren erabakiak gogo onez onartuko ditu.

Botikak hartzeko era independente hau medikuaren zereginarekiko osagarria da (eta ez aurkakoa, medikuaren eta gaixoaren harremana ez da desagertu behar), eta hari esker, lekualdatzeak, itxaronaldiak eta osasun laguntzako beste eragozpenak saihestuko ditugu, askotan osasun zerbitzuak pilatuta baitaude.

Osasun Munduko Erakundearen arabera (OME), automedikazioak hurrengo onurak ekartzen ditu, maila pertsonalean eta sozialean:

  • Osasun arazo txikiak arindu edo konpondu daitezke modu autonomoan eta medikuen zeregin profesionala osatuz.
  • Pertsonen autonomia eta erantzukizuna areagotzen da, osasuna zaintzeari dagokionez.
  • Itxaronaldiak, lekualdatzeak, denbora galerak, eta abar saihesten dira.
  • Osasun sistema arintzearen alde egiten da, askotan modu autonomoan tratatu daitezkeen gaixotasunengatik pilatuta egoten baita.

Automedikazioa barneratu behar den errealitate bat da. Osasun informazioak eta heziketak modu erantzulean eta positiboan egiten eta nahi ez den eta arriskutsua den automedikazioa desagerrarazten lagundu dezakete.


Automedikazioaren ondorioak

Automedikazioa

Osasun eta Kontsumo Ministerioak jakinarazi berri du espainiarren %28ak diola sendagaiak hartu dituela beraiek erabakita edo beste norbaitek gomendatuta eta ospital larrialdietako %10 inguru botikak gaizki erabiltzeagatik sortzen dela.

Botiken arriskuak eta abantailak eta noiz eta nola erabili behar diren ondo ezagutu gabe, askotan, pertsonek ez dituzte espero zituzten emaitza klinikoak lortzen eta, horrez gain, aurkako efektuak izan ditzakete, besteak beste: buruko mina, zorabioa edo lozorrotik hasita, dagoeneko existitzen ziren gaixotasunen arazo larrietara arte.

Gure organismoan efektuak eragiten dituzten sendagaiak erabiltzea onuragarria izan daiteke, baina baita toxikoa edo hilgarria ere, ez badira kontuan hartzen aurretik zeuden gaixotasunak, dagoeneko hartzen ari diren eta elkarreraginak sor ditzaketen beste botikak, edo pertsona bakoitzaren ezaugarrietara egokitutako dosi bat (adina, sexua, neurria, eta abar).

Osasun profesionalok gehien kezkatzen gaituen kontu bat, maiz agertzen delako, antibiotikoak gehiegi erabiltzea da; horrek bakteriekiko erresistentzia agertzea eragiten du, eta hori dela eta, tratamendua beste antibiotiko batekin hasi behar da.

Gaixotasun eta sintoma desberdinak osatzeko eta arintzeko botika asko daude; hala ere, gehien erabiltzen diren sendagaietan murgilduko gara.


Botika ohikoenak

Automedikazioa

Antibiotikoak

Antibiotiko bat mikrooganismoen hazkuntza galarazi edo ezabatzeko gaitasuna duen substantzia kimiko bat da.

Alexander Fleming-ek lehen antibiotikoa aurkitu zuen 1929. urtean, penizilina, alegia. Berrogei urteko hamarkadan, II, Mundu Gudan, gudako zauriek eragindako infekzioak tratatu behar ziren, eta baliabide asko inbertitu ziren penizilina ikertzeko eta garbitzeko. Antibiotikoak laster erabilera orokorreko konponbide bilakatu ziren, eta horrek aurrerapen terapeutikoa ekarri zuen infekzio gaixotasunen tratamenduan.

Antibiotikoak bakteriek eragindako infekzioetan jarduten dute, baina ez birusek eragindako beste batzuetan, esaterako, gripea edo hotzeriak; horrelakoetan, ez dira batere aktiboak. Horrez gain, antibiotiko bakoitzak modu zehatzean jarduten du bakteria mota batean, baina ez guztien aurka; hau jarduera espektroa da, alegia; antibiotiko batek bakteria zehatz bat suntsitzeko duen gaitasuna. Batzuk espektro txikikotzat jotzen dira mikroorganismo kopuru jakin batean zehazki jaduten dutelako; eta beste batzuk, berriz, espektro zabalekotzat jotzen dira mikroorganismo ugarien aurka jarduten dutelako.

Gaur egun, antibiotikoen erabilera orokorrak agerian utzi du horiek gaizki erabiltzeak askotan eraginkortasun eza eta erresistentzia handiago ekartzen duela.

Mikroorganismoek antibiotikoekiko defentsak sortzen dituzte, eboluzionatzen dira eta mutazioak izaten dituzte; horiek duten gaitasun horri beste inguruabarrak gehitzen badizkiogu, esaterako, antibiotikoak bereizi gabe eta modu desegokian erabiltzea, ezarritako dosiak kontuan hartu gabe, ezta tratamenduaren iraupena ere, mikroorganismoek erresistentziak azkarrago sortzea eragiten ari gara.

Analgesikoak

Analgesikoak dira minaren intentsitatea lasaitzen eta arintzen duten botikak, baina denak ez dira berdinak eta organismoan ez dute modu berberean jarduten. Botika bakoitzak bere abantailak eta arriskuak ditu, eta min bakoitzak analgestiko mota bati besteari baino hobe erantzun diezaioke. Jarduera mekanismoaren arabera, bi talde nagusitan desberdindu ditzazkegu: analgesiko opiazeoak eta analgesikoak ez opiazeoak.

Analgesiko opiazeoak

Opiotik datoz, eta naturalak edo sintetikoak izan daitezke. Nerbio sistema zentralean substantzia endogeno batzuk daude (hau da, gorputzak berak sortzen ditu): entzefalinak eta endorfinak dira; hauek, neuronen hartzaileekin bat egiten dutenez, minaren bulkada inhibitzen dituzte. Opiazeoek entzefalinak eta endorfinak bezala jarduten dute, baina askoz indartsuagoak dira.

Jarduera gaitasunaren arabera hauek bereizten ditugu:
  • Opiazeo txikiak (Codeina, Tramadol): min arruntetan erabiltzen dira, besteak beste artrosia.
  • Opiazeo handiak (Morfina, Metadona): min zorrotza tratatzeko erabiltzen dira, eta medikuaren gainbegiratzearekin banatzen dira.

Analgesiko opiazeoek efektu analgesikoak, lasaigarriak eta eztulkontrakoak ere dituzte, baina baita nahi ez diren efektuak ere, esaterako, idorreria, goragaleak eta okak. Beste efektu batzuk lozorroa eta zorabioa dira, batez ere tratamenduaren hasierako faseetan; horrez gain, opiazeo handiek arnas depresioa eragin dezakete eta tratamendu luzeetan, berriz, mendekotasuna sortzen dute.

Opiazeo guztiek errezeta behar dute horiek banatzeko baina, horrez gain, opiazeo handiak estupefazienteak dira. Horrek esan nahi du osasun agintariek araupetzen dituztela eta, ohiko errezetarekin batera, estupefazienteetarako errezeta berezia behar dute.

Analgesiko ez opiazeoak

Estimulu mingarri bat jasotzen dugunean, gure organismoak substantziak sortzen dituen mekanismo bat abian jartzen du. Substantzia horiek prostagalndinak dira; hauek mina eta hanturaren arintzen dute. Ez opiazeoek prostagalndinak sortzea saihestuz jarduten dute, bere katetik enzima inhibitzen. Ondo erabilita, analgestiko hauek seguruak eta eraginkorrak dira, min arinak edo moderatuak bizkor lasaitzen dituzte. Efektu analgesikoak, hantura aurkakoak eta antipiretikoak dituzte (sukarra gutxitzen dute).

Ez dute errezeta medikorik behar banatzeko, baina arriskuez salbuetsita daude.
Hauek dira ohiko ez opiazeoak:
Paracetamol

Printzipio aktibo hau min arin edo moderatua tratatzeko agintzen da, besteak beste: zefalea, hileroko edo hortzetako minak eta sukarra; hantura aurka gutxi jarduten du. Hura hartu 30 eta 60 minutu artean hasten da efektua eragiten eta horrek 4 eta 6 ordu artean irauten du. Ohiko dosietan, normalean ez da aurkako efekturik egoten, baina gaindosi batekin, efektu toxikoak sortzen dira gibelean eta gutxiagotan giltzurrunean.

Azido azetilsalizilikoa (AAS)

Eraginkorra da noizean behin eman daitezkeen min arinei aurre egiteko, esaterako, buruko minak, hortzetako minak, eta abar. eta sukarra jaisteko. Hauek dira efektu nagusiak: hantura aurkakoak, analgesikoak, antitermikoak eta, dosi txikietan, plaketa antiagregantea (tronboak prebenitzen laguntzen dute, eta horrek gaixotasun kardiobaskularren aurka babesten gaitu). Aurkako efektuak, oro har, arinak dira eta digestio arazoekin lotu ohi dira; gomendatzen da AAS otorduetan hartzea efektu hauek gutxitzeko. Bereziki gomendatzen da ultzera gastrointestinala dutenek ez hartzea. Ez zaie 16 urtetik beherakoei hartzea gomendatzen prozesu birikoetan, Reye sindromea agertzeko arriskua baitago (entzefalopatia eta hepatopatia).

Hantura aurkako ez esteroideak (AINE)

AINE, esaterako: ibuprofeno, diclofenaco edo piroxicam, sendagai multzo zabala dira. Horiek, denak berdin-berdinak izan gabe, antzeko egitura kimikoa dute eta efektu farmakologiko berdinak dituzte, baina gaixo bakoitzarengan erantzun mota anitz eragin eta intzidentzia eta aurkako efektu mota ugari sor ditzakete. Dosi bakarretan, AINEek paracetamolekin konparatu daitekeen jarduera analgesikoa dute, baina etengabeko dosietan, hantura aurkako eta efektu analgestiko jraunkorrak dituzte, beraz, modu jarraian eta erregularrean ematen diren minetarako agintzen da, alegia; hantura ondorengoak. Efektu antitermikoak ere badituzte. Aurkako efektu ohikoenak goragaleak, okak, beherakoa eta sabeleko mina dira. Ibuprofenoa aurkako efektu gutxien sortzen duena da. AINEak botiketan banatzen dira errezeta medikorik gabe.

Psikofarmakoak

Honako hauetarako erabiltzen diren botikak dira: arazo psikotikoak, arazo depresiboak, arazo bipolarrak, antsietatea eta logurea, arazo obsesibo konpultsiboak, beldur krisia, eta abar.

Psikofarmakoek modu desberdinean jarduten dute, lasaigarriak edo pizgarria izatearen arabera. Nerbio sistema zentralean jarduten dute, eta horrek bereziki arriskutsu bilakatzen ditu alkoholarekin edo beste drogekin batera hartzen direnean.

Bizi erritmo azkarra, arazo emozionalak, eta abar direla eta, antsietate, loezin eta estres prozesuak eragin daitezke. Horiek biztanleengan oso ohikoak dira. Sendagai multzo honek gaixoak jasotzen dituen sintoma negatiboak hobetzen laguntzen du, baina gaizki erabiliz gero mendekotasuna eta tolerantzia sor ditzake, eta baita bestelako efektuak ere gibelean eta giltzurrunetan.

Antidepresiboak depresioak tratatzeko erabiltzen dira. Kontuan hartu behar da depresio aurkako tratamendu batekiko erantzuna normalean gerora agertzen dela, alegia; bi eta sei aste arteko tartea igaro daiteke, gutxienez, gehienezko hobekuntza eragin dadin.

Gehien erabiltzen diren antsiolitikoak eta hipnotikoak benzodiacepinak dira. Antsietatearen tratamendua gutxieneko dosi eraginkorrenean oinarritu behar da, ahalik eta denbora tarte laburrenean.

Kontuan hartu behar da sendagai hauek guztiek mendekotasun psikologikoa eta fisikoa eragiten dutela, horregatik, poliki eta pixkanaka hartzeari utzi behar zaie.. Horrez gain, gidatzeko eta makinak erabiltzeko gaitasuna kaltetu dezakete; alkoholaren eta beste drogen efektuek, edo baita beste botiken efektuek ere, potentziatu ditzakete.

Sendagai hauek banatzeko errezeta medikoa behar da.

Sendagai asoziazioak

Sendagaien asoziazioak printzipio aktibo bat baino gehiago duten prestakinak dira. Normalean elkarrekiko osatzen edo potentziatzen diren bi sendagai lotzen dira. Oso erabilgarriak dira, batez ere, analgesikoak elkartzen direnean, baina euren eragozpen nagusia da, alergiaren bat agertuz gero, oso zaila dela alergia hura eragin duen substantzia zein den zehaztea.


Gomendioak

Automedikazioa
  • Sendagai guztiekin erabilera orri bat dator. Hura arretaz irakurri behar da beti, bertan adierazten baitira jarraibideak eta kontraindikazioak edo kasuan kasu kontuan hartu beharreko neurriak.
  • Mantendu botikak beti jatorrizko ontzietan eta euren erabilera orriarekin.
  • Errebisatu aldian-aldian botiken iraungitze data.
  • Kolirioak, ireki ondoren, hozkailuan gorde behar dira eta astebetean iraungitzen dira.
  • Botikaren bat modu likidoan hartzen baduzu (xarabeak), ontziaren neurria edo dosifikatzailea erabili.
  • Mantendu haurrengandik urrun.
  • Haurdun bazaude edo egoteko aukera badago, ez hartu botikarik medikuarekin kontsultatu gabe.
  • Antibiotikoak hartzen badituzu:
    • Antibiotikoek ez dute sukarra jaisten edo mina arintzen, baizik eta bakteriek eragindako gaixotasunak tratatzeko erabiltzen dira.
    • Medikuak adieraziko dizu antibiotikoa noiz hartu, zein eta zenbat denboraz hartu behar duzun, antibiotiko bakoitza gaixotasun zehatz baterako baita.
    • Kontsumitu medikuak errezetatutako antibiotikoaren ziklo osoa (tratamenduari aldez aurretik uzten bazaio, zenbait bakteria erreproduzitu eta erresistente bilakatu daiteke), hartu ordu erregularretan eta ez murriztu hartualdi kopurua germenak bikoiztu ez daitezen, nahiz eta hobeto egon.
    • Tratamendua bukatu ondoren, botika soberan geratu bazaizu, ez gorde, antibiotikoek denborarekin eraginkortasuna galtzen baitute, eraman botikara behar bezala suntsitu dezaten.
    • Batzuetan, medikoak, birus batek eragindako infekzio baten aurrean, antibiotikoa agindu dezake gaininfekzio bakterianoaren arriskua ikusten duenean, lehendik zeuden gaixotasunak agertzeko aukerarengatik edo zaharren kasuan.
  • Analgesioak hartzen badituzu:
    • Sendagai bat errezetarik gabe erostera zoazenean, kontuan hartu behar dituzu ager daitezkeen bigarren mailako efektuak eta kontraindikazioak. Ez erosi inoiz errezetarik gabe, hura nahita nahiez behar duen botika bat; noski, botikariak ez dizu botikarik errezeta gabe saldu behar, hura behar duenean.
    • Botika erosten duzunean, zuk hala erabaki duzulako, garrantzitsua da botikan egon daitezkeen baldintza bereziak zehaztea, besteak beste: haurdun egoteko aukera, hipertentsio arteriala, bihotz gaixotasunak, diabetes, hemofilia, eta abar bezalako gaixotasun kronikoak, horiek botikaren erantzuna edo hura bereganatzeko erari eragin diezaioketelako.
    • Analgesikoek maina arintzen dute, baina ez dute horren jatorria desagerrarazten; beraz, komenigarria da, nondik datorren ez dakizun min baten aurrean, zure medikuarekin kontsultatzea.
    • Nolanahi ere, botika bat erabili arren, mina bere horretan mantentzen bada, okerrera egiten badu edo beste sintomak agertzen badira, kontsultatu zure medikuari.
    • Zaindu botiken artean eragin daitezkeen eraginak, eraginkortasuna kaltetu edo bultzatu baitezakete; kontsultatu beti zure medikuari edo botikariari.
  • Psikofarmakoak hartzen badituzu:
    • Psikofarmakoak terapia psikologikoarekin osatu behar da, botikak sintomak hobetzen baititu baina ez du ondoezaren kausa konpontzen.
    • Askotan, bigarren mailako efektuak gaixotasunaren beraren sintomekin nahastu daitezke.
    • Kontuan eduki bigarren mailako efektuak desberdinak direla pertsona bakoitzarengan eta denek ez dutela mina intentsitate berarekin pairatzen.
    • Ez hartu inoiz ezaugarri hauetako sendagai bat mediku baten aholkuak eta jarraipena gabe.
    • Ez nahastu sendagai hauek alkoholarekin edo beste drogekin.
    • Ez hartu agindutako baino sendagai dosi gehiago, ezta tratamenduari bat-batean utzi ere, zuk hala erabaki duzulako.

Botikina

botikina

Botikin bat da armairu txikia, kutxa, tiradera, eta abar. da itxi daitekeena eta botikak eta lehen mailako zainketak egiteko materiala gordetzeko erabiltzen da, istripu txikiak sortzen direnerako edo sukarra edo mina bezalako zenbait sintoma arintzeko.

Botikina argi, bero eta hezetasunik gabeko leku batean ipini behar da eta umeengandik urrun eta baita, behar duten guztiek ezagutzen duten leku batean ere.

Zer eduki behar du?

  • Analgesikoak, antitermikoak eta hantura aurkakoak
  • Medikuak agindutako ohiko botikak
  • Intsektuaren ziztaden hazkura lasaitzeko pomadaren bat
  • Zainketetarako materiala:
    • Gasa esterilak, kotoia, bendak, esparadrapoa, tiritak
    • Guraizeak eta pintxak
    • Alkohola, ur oxigenatua
    • Iodo soluzioan oinarritutako antiseptikoak
    • 112 larrialdietarako telefonoa